Zientzia eta teknologia gizarteratzea eta horiekiko jakin-mina sortzeko baliabideak eta zerbitzuak eskaintzea dugu helburu. Zientzia-dibulgazioko baliabideak eskaintzen ditugu, hainbat formatutan eta hartzaile mota askorentzat: publiko orokorra, haurrak eta gazteak, eta publiko espezializatua. Zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu.
Euskara garatzeko eta normalizatzeko hizkuntza-baliabide, -tresna eta -zerbitzuak sortzea eta eskaintzea da gure helburua. Itzulpen-zerbitzuak, hizkuntza-kalitateko zerbitzuak eta hiztegigintza-zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hizkuntza-teknologietan, I+G+Bren aldeko apustu sendoa egiten dugu.
Gipuzkoa Berritzen - Innobasqueren eta hizkuntzen industriaren sektoreko hainbat eragileren ekimenez, LANGUNE elkartea sortu da Donostian, hizkuntzen industriaren cluster baten lehen urrats gisa. LANGUNE elkartearen sormenean Elhuyar Fundazioaren papera nabarmena izan da. Izan ere, 2009ko otsailean, hizkuntzen industriaren sektorea aztertu, egituratu eta aktibatzeko proiektu estrategikoa abiarazi zuen lantaldea dinamizatzeko ardura izan zuen. Gainera, Elhuyarrek lehenengo zuzendaritzan partaidetza izateaz gain, elkarteko lehendakaritzan jardungo du 2010eko ekaina bitartean.
LANGUNE elkartearen jatorria globalizazioak dakarren mugikortasunean eta eleaniztasunean aurkitu daiteke. Fenomeno horien ondorioz, sektore ekonomiko garrantzitsua ari da pizten: hizkuntzen industria. Euskal Autonomia Erkidegoan, sektore honek ezarpen tradizionala du, eta dinamizazio-prozesu baten bidez sektore ekonomiko industrial hori antolatu eta aktibatzeko sortu da, hain zuzen, LANGUNE.
Hizkuntzen industriaren alorrean EAE Europan erreferentzia bilakatzen lagunduko duen ekimena jarri nahi izan da abian. Horretarako, sektoreko agenteak identifikatu dira, eta, sektorearen erronkak garatuz eta eragileak antolatuz, urratsak egiten hasi dira, sektorea elkartuko duen egitura edo cluster baten beharra aztertzeko. Horrez gain, LANGUNE elkarteak helburu hauek ere baditu: hizkuntzaren industria sektore ekonomiko bezala egituratzea; sektoreko eragileak dinamizatu eta elkarlanean jartzea; eragile sozialen, eragile ekonomikoen eta erakunde publikoen artean harremana eta elkarlana sustatzea, solaskide gisa; eta, azkenik, sektorearen nazioarteratzea bultzatzea.
Elhuyarren IV. Gogoeta Estrategikoa 2006-2009 epeari dagokio, eta 2009. urteak epe horren amaiera ekarri du; hori dela eta, 2010-2012 eperako V. Gogoeta Estrategikoa gauzatu dugu, eta "Gauza onak, ongi eginak" da Elhuyarrek gogoeta horri jarritako leloa.
V. Gogoeta Estrategikoa prozesu parte-hartzaile baten bidez gauzatu da, eta Elhuyarrek 2010-2012 urteetan izango duen norabidea definitu da bertan. Gogoeta estrategiko honetan 40 bat lagunek parte hartu dute (plantillaren % 30); hiru taldetan antolatu dira (hizkuntza-zerbitzuak, zientziaren komunikazioa eta talde eragilea) eta Elhuyarren Patronatuak ere parte hartu du. Aholkularitza-enpresa baten gidaritzapean egin da gogoeta estrategikoa, eta, horren ondorioz, helburu korporatiboak, erronkak, ildo estrategikoak eta Elhuyar kulturaren gakoak definitu dira.
Bertan, bi helburu korporatibo zehaztu dira: hazkundea eta zabalkundea. Egitasmo berriak abiatuz eta erronka berriei erantzunez haztea da asmoa. Egungo proiektuen edo proiektu berrien erabiltzaile-kopurua handitu egingo da, zabalkundea lortzeko. Inoiz baino gehiago, gizartearekin bat aritzeko apustua egingo du Elhuyarrek. Elhuyarren izena eta izana eta berrikuntza ardatz hartuta, lanaren kalitatea izango da Elhuyarren marka.
Elhuyar Fundazioaren Hizkuntza Zerbitzuen taldeak 2007an kaleratu zuen CorpEus, weba euskarazko corpus gisa kontsultatzea ahalbidetzen duen zerbitzua. CorpEus-ek Microsoft-en Windows Live Search bilatzailea (orain Bing deitzen dena) erabili izan du beti motor gisa, Google-ren APIaren baldintzek ezinezkoa egiten baitzuten berau erabiltzea. Baina Google-k berriki baldintzak aldatu ditu, eta orain CorpEus-en kontsultak Bing nahiz Google erabiliz egin daitezke.
Internet euskarazko corpus erraldoi bat balitz bezala kontsultatzeko aukera ematen du CorpEus-ek. Sartutako hitzaren (edo hitzen) lema bidezko bilaketa egiten du Interneteko euskarazko orrien artean, eta orri horietan dauden hitzaren agerpen guztiak erakusten ditu bere testuinguruan, hainbat daturen araberako grafikoekin batera.
Gainera, eskatutako hitzak aldaerak dituela detektatzen bada, bilaketa egiteaz gain, aldaerak proposatzen zaizkio erabiltzaileari, edo, eskatutakoa aldaera bada, forma estandarra. Eta erabiltzaileak hitz anbiguo edo ezezagun bat sartzen duenean, itzulitako analisien artean aukeratu dezake. Termino edo izen-sintagma osoen bilaketa lematizatua ere egin dezake, hitzak komatxo bikoitzen artean sartuz.
Elhuyar Fundazioak eta Innobasquek antolatzen dute Teknoskopioa gazteentzako ideia-lehiaketa. Urtarrilaren 31n amaitu zen 2009-2010eko lehiaketaren lehen fasea, eta Elorrio Bigarren Hezkuntza Institutuko 4. mailako ikasle Ane Azkarraga, Itziar Berrioategortua eta Iraia Telleriaren bloga, “Darwinen oroitzapena Elorrion”, izan da irabazle. Ordenagailu ultraeramangarri bana jaso dute hiru taldekideek.
Lehenengo fasean parte hartzeko aukera galdu zuten ikasleek edota parte hartuta ere irabazle izan ez zirenek, 2009-2010eko Teknoskopioaren lehiaketako 2. fasean dute parte hartzeko aukera. Otsailaren 1ean abiatuko da fase berria, eta talde guztiek hasieratik hasi beharko dituzte blogak. Darwinen giza eboluzioari buruzko teoriaz beste teoria batzuk aztertzea izango dute eginkizun.
Ideia-lehiaketa honi buruzko informazio guztia www.zientzia.net/teknoskopioa webgunean dago.
AlphaGalileo plataforman duela gutxi arte espainiar estatuko bi ordezkari zeuden: batetik, Espainiako Fundación Española la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundea, eta, bestetik, Elhuyar Fundazioa. Duela egun batzuk, FECYT erakundeak, AlphaGalileo plataforman bi urte egin eta gero, hura uzteko erabakiaren berri eman zuen. Horren ondorioz, orain, Elhuyar Fundazioa da AlphaGalileon ordezkaritza duen Estatuko erakunde bakarra.
AlhaGalileo plataforma Europako ikerketa-berrien iturri nagusia da, eta AlphaGalileo Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak ematen du zerbitzu hau. 2003an sinatu zuen Elhuyar Fundazioak hitzarmena AlphaGalileorekin, Euskal Herriko ikerketa-albisteen ordezkari izateko. Elhuyar Fundazioaren Basque Research-en bidez, Euskal Herriko ikerketa-agenteek beraien ikerketa-albisteak AlphaGalileon argitaratzeko aukera dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Elhuyar Fundazioak elkarlan-akordioa sinatu dute euskal gizarteari 2010ean zientzia gerturatzeko eta zabaltzeko. Ekitaldian, bi erakundeetako ordezkari nagusiek hartu dute parte: Maria Isabel Celaá Diéguez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Pedro Luis Arias Ergueta, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria; eta Itziar Nogeras Berra, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.
Akordio honen bidez, Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen du Elhuyar Fundazioak proposatutako urteko lan-programaren jarduerak garatzen laguntzeko, finantzaketa bitartez. Zehazki, hiru dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bultzatuko dituen proiektuak: Zientzia Udalekuak, Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategia eta Teknopolis telebista-programa.
Bi erakundeentzat bereziki garrantzitsua da gazteen artean zientzia-bokazioak bultzatzea. Horregatik, eta Hezkuntza Sailak bultzatuta, Elhuyar Fundazioak Zientzia Udalekuak antolatuko ditu lehen aldiz 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Zientzia Udalekuen ardatz pedagogikoa aisialdia eta zientzia uztartzea da, eta uztailean antolatuko dira, astebeteko hiru txandatan. Guztira Euskal Autonomia Erkidegoko 150 gaztek izango dute parte hartzeko aukera.
Eroskik Consumer Corpusaren eskaintza egin dio gaur Euskaltzaindiari, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan antolatutako ekitaldi batean. Bertan, hiru erakundeetako hauetako ordezkariek hartu dute hitza: Agustin Markaide, Eroskiko zuzendari nagusia; Andres Urrutia, Euskaltzainburua; eta Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia.
Eroski Consumer corpusaren entrega Corpusgintza Gaur Egun izeneko mintegiaren barruan egin da. Mintegian, corpusgintzan erreferentzia diren Euskal Herriko eta Espainiako zenbait adituk hartu dute parte: Xavier Gómez Guinovart-ek (Vigoko Unibertsitatea) testu-corpusei eta plangintza linguistikoari buruz hitz egin du; Miriam Urkia (Euskaltzaindia) hizkuntzalaritzako corpusgintzaren garrantziari buruz mintzatu da; Igor Leturiak (Elhuyar Fundazioa) eta Edurne Martinezek (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) Eroski Consumer Corpusaren aurkezpen teknikoa egin dute.
Ondoren, corpusgintzaren erronken eta etorkizunaren gaineko mahai-inguru batean parte hartu dute ekitaldira gerturatu diren hainbat hizkuntzalarik eta ikertzailek. Mintegiko hizlariei Andoni Sagarna (Euskaltzaindia), Antton Gurrutxaga (Elhuyar Fundazioa) eta Elena García (Eleka Ingeniaritza Linguistikoa) batu zaizkie.
Consumer aldizkariaren 12 urteetan argitaratutako testuetan dago oinarrituta corpusa , eta lau hizkuntzatan ematen ditu emaitzak (euskara, katalana, galiziera eta gaztelania). Elhuyar Fundazioak eta Eleka Ingeniaritza Linguistikoak garatu dute corpusa Eroskirentzat. Hizkuntzaren profesionalentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere baliabide linguistiko garrantzitsua da corpus eleaniztun hau; horregatik, edonork izango du aukera Interneten kontsultatzeko. Consumer Corpusa Eroski Fundazioak hizkuntzaren aniztasunarekin duen konpromisoaren adierazgarri da.
Elhuyar Fundazioko I+G+B unitateak garatu du tresna eta erabiltzaileak aukera izango du itzulpen-memorietatik lexiko elebiduna erauzteko.
Itzulpen-memoriekin lan egiten duten erabiltzaileengan dago, batik bat, pentsatua: itzultzaileak, itzulpen-zerbitzuak, terminologoak, hizkuntzalariak, euskara-teknikariak...
ItzulTerm tresna honako webgunean dago eskuragarri: http://itzulterm.elhuyar.org